Bizkor eta baikor
BAM dinamika ez da iraultza linguistiko baten abiapuntua izan. Mugak eta porrotak daude. Baina identifikatuak diren unetik, ondoko urratsak diseinatzea ahalbidetzen dute
03 Janvier 2018 | ENEKO GORRI [ARGIA.EUS]
Iragan azaroan, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala, Baiona-Angelu-Miarritze hiri-eremuko hiztunak bateratzeko eta botere-arazteko BAM dinamika abiatu genuen guk ere. Ez genuen ezer berri asmatu: Donostiako Egia auzoan sortu eta Lasarte-Orian ondu den esperientzia gurean eramatea besterik ez dugu egin. Baina irakaspen eta lorpen propioak izan genituen, dudarik gabe. Bilana, dinamika bezala, kolektiboa izan beharko da. Horretan lanean ari gara. Hemen botako ditudanak bitarteko gogoeta pertsonalak besterik ez dira.
Lehen irakaspena koherentziarena dela uste dut. Antolaketa lanetan ari izan garen askok autoterapia kolektibo bezala bizi izan dugu BAM. Euskalgintzan buru-belarri lanean ari garen euskaltzale izanda ere, zein uros frantsesez bizi garen jabetu gara funtsean. Borroka gure baitan hasi da.
Pertsonala politikoa den bezala, norbanakotik kolektibora jauzia egitean ez ditugu bakarrik gure hizkuntza ohiturak aldatu, gure ingurunea moldatzeko gaitasuna martxan ezarri dugu. Fatalitateak eta etsipenak gaina hartzeko joera duten garaiotan, gure esku dagoen botere eraldatzailea behatz puntetatik hunkitzea ez da gutxi.
Azkenik, ezina ekinez egiten dela berriz ere argi azaldu zait: lurralde zail batean, dirurik gabe, denborarik gabe, bide-orririk gabe eta instituzio guzien laguntza ukatuz zerbait lortu dugu. Horretarako, oinarrizko baliabideak mobilizatu ditugu: eredu parte hartzailea, horizontala, parekidea, anitza, auzolana, ausardia...
Noski, ez gaitezen engaina, BAM dinamika ez da sakoneko iraultza linguistiko baten abiapuntua izan. Mugak izan dira, frustrazioak batzuetan, porrotak ere bai. Prefosta. Baina identifikatuak diren momentutik, ondoko urratsak diseinatzea ahalbidetzen dute.
BAM-k lortu ez duena, Euskaraldiak ekartzen ahalko du (iraupen luzeagoa, lurralde estaldura zabalagoa, baliabide mobilizazio handiagoa). Baina Ipar Euskal Herri osoan ere herritarrak, euskalgintza sozialak eta instituzioak elkarrekin lanean eman beharko dira horretarako, eskala horretan batak ezingo baitu besteak gabe ezer lortu. Interdependentzia hori aitortzea, kultura desberdintasunetik at elkarrekin aitzinatzeko nahia aldarrikatzea eta bakoitzari funtzio bat onartzea izan daiteke lehen urratsa.
Hizkuntza politikaren berregituratze fase horretan, Euskaraldia lankidetza forma berri baten asmatzeko mentura ederra izan daiteke gurean, asko baitugu ikasteko batak bestearengandik. Berrikuntzari eta esperimentazioari ateak ausarki zabaldu beharko zaizkie, inoiz hartu ez diren bideak baitira hauek. Badugu lan. Baina bizkor eta baikor izateko arrazoiak ez ditugu eskas, dena dugu irabazteko!