La 5e édition de Mugi Tolosa est en marche, avec une collaboration encore plus grande
Gaur izan da adineko pertsonen asteroko ibilaldietan lehena, eta joan den ikasturteko arrakasta gainditzea aurreikusi du udalak; 18 eragile ariko dira, lankidetzan
04 Octobre 2018 | ATARIA.EUS
Adineko pertsonen asteroko ibilaldiek bosgarren ikasturteari ekin diote. Goizen izan dute lehen hitzordua, eta ikasturtea aurkezteko baliatu zuten egokiera, Zerkausian. Eragileen arteko elkarlanetik sortutako proiektua da Mugi Tolosa, eta aurten sekula baino gehiago ariko dira, eskuz esku: 18 eragile. Horrela, ohitura osasuntsuak eta belaunaldien arteko harremana sustatzeko gakotzat jo dute, beste behin, Mugi Tolosa.
Joan den ekainean zenbaki arrakastatsuz amaitu zuten ikasturtea,ordura arteko parte hartzaile kopuru handienarekin: batazbeste 136 pertsona elkartu ziren, astero, ibilaldiak egitera, eta izan zen 249 pertsona elkartu ziren egun bat ere. Patxi Amantegi zinegotziak "arrakasta hori gainditzeko ikasturtea" izango dela azaldu zuen aurkezpenean, eta udalarekin batera lanean aritzen diren eragile, elkarte eta ikastetxeei jarri zien fokua. Hirukidek hiru urte daramatza proiektuan, eta Laskorainek eta Inmakuladak bi; aurten, Orixe institutua ere batu da, Mugi Tolosara.
Izan ere, "gazteak eta adineko pertsonak elkartzeak emaitza emozional ezin hobeak eman dizkie, batzuei zein besteei", Amantegiren arabera. Belaunaldi trukea proiektuaren jomugetako bat da, eta ikasleak bizitzarako ez ezik, "elkarbizitzarako ere hezi behar" direla azpimarratu du Izaro Toledo Orixeko irakasleak.
Bide horretan, Mugi Tolosa "eredu" izan da ildo bereko antzeko proiektuak garatzeko, eta, joan den ikasturteko Haurren Hiria egitasmotik hasita, udalak asmo berriak ditu esku artean: "Euskal zirkura aitona-amonekin noa proiektua abian jartzea; migratzaileekin lanketa berezi bat egitea; Tolosa-Ibarra lankidetzari beste herriren baten elkarlana gehitzea; bizikletan paseoak emateko proiektua garatzea; Udaltzaingoarekin erortze tailerra egitea; Tolosako kaleen irisgarritasuna aztertzea eta, azkenik, Mugi Tolosaren inguruko hausnarketa mahaia antolatzea.
Aipaturiko ikastetxeekin batera, Iturriza, Harizpe, Beti Gazte, Ilarki, Goienetxe Fundazioa, Gurutze Gorria, Iurreamendi egoitza, Uzturre asistentzia zentroa, osasun publikoa, Osakidetza, Nagusilan, Asuncion Klinika, Madre Josefa eguneko zentroa eta Tolosako Udala dira, Mugi Tolosa antolatzeko elkarlan sareko kide, eta asteazkenero tale jakin batzuen ardura izango da, ibilaldiak ere ondorengo hamaiketakoa antolatzea.
Norbere neurrira
Aurreko lau ikasturteetan bezalaxe, asteazkenero bi hitzordu izango dituzte, adineko pertsonek, herrian ibilalditxoak egiteko: 10:30ean bata eta 11:00etan bestea.
Parte-hartzaileek beren neurrira egokitzen den taldea aukeratu ahal izango dute, izan ere, Mugi Tolosan aurrez diseinaturiko 8 ibilbide daude eskuragarri: motzenak 543 metro izango ditu eta luzeenak, berriz, 7 kilometro.
Akitaniako ordezkaritza, Mugi Tolosa ezagutzen
Ekainean, Akitaniako ordezkaritza izan zen, Tolosan eta Ibarran, Mugi Tolosa eta Ibarra Martxan proiektuak ezagutuz. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bideratu zuen bisita, eta "proiektu berritzailetzat" jo zuten eskualdekoa.