uztaritze.info

Tolosaldea

Galtzaundi, euskaltzaleen bilgune eta aterpe

Galtzaundi, euskaltzaleen bilgune eta aterpe

Bere eragin eremua Tolosaldea guztira zabaldu ostean, oinarri soziala handitzeko asmotan da Galtzaundi Euskara Taldea. Tolosaldeko euskaltzaleak bildu nahi dituzte 'galtzaundikide' figurarekin.

2018ko Urtarrilaren 10a | TOLOSALDEKO ATARIA

Elkarrekin ahaltsuago. Zatoz!". Tolosaldeko euskaltzaleak biltzeko asmoari lema hori jarri dio Galtzaundi Euskara Taldeak. Euskarak dituen desafio berriei aurre egiteko bere oinarri soziala handitzeko asmoa du euskara elkarteak eta Galtzaundikide figura sortu dute horretarako. Euskara elkarteak aurrera eramaten dituen egitasmoen inguruan interesa dutenak bildu eta Tolosaldeko euskaltzale komunitate aktiboa saretzea dute helburu.

Galtzaunkide izateko nahikoa da euskara taldearen helburuekin bat egitea. Eskualdeko euskaltzaleak eta eragileak batzeko eta egituratzeko beharra aipatu dute euskara elkartetik, beren jardunean eraginkorragoak izateko. Euskararen aldeko kontzientziak astintzea eta erabilera sustatzearen garrantzia ere gogoan dute Galtzaundin. "Eskualdean %80 euskaraz bizitzeko gai gara. Gaitasunari zukua atera behar diogu, biderkatzaileak izan eta erabilera sustatuz". Aldi berean, Galtzaundiren barruan euskararen aldeko ekarpena egin nahi duen oro euskara taldean biltzea da asmoa: erabakiguneetan, ekimenen antolaketan, ikerketetan.

Galtzaundikide egiteko hainbat bide zabaldu ditu euskara elkarteak. Batetik, www.galtzaundi.eus webgunean egin daiteke Galtzaundiko kide. Bestetik, Galtzaundiren bulegora joz (Nafarroa Etorbidea 6, Tolosa) edo telefonoz deituz (943 655 004). Eta azkenik, euskara elkarteak antolatzen dituen ekitaldietan ere egongo da galtzaundikide egiteko eskuorriak betetzeko aukera

Email Facebook Twitter LinkedIn