uztaritze.info

Tolosaldea

Euskararen erabilera irauli nahi du Aitzolek, ikasturte berrian

Euskararen erabilera irauli nahi du Aitzolek, ikasturte berrian

Irailaren 21era bitarte zabalik izango da Aitzol Udal Euskaltegiko matrikulazio epea; C2ko taldea indartu nahi dute eta, tituluez harago, gizartearen euskalduntzean eragin nahi dute

2018ko Irailaren 13a | ATARIA.EUS

Joan den ikasturtea datu bikainekin itxita, matrikulazio kopurua eta titulazioak berdintzeko gogoz da, Tolosako Aitzol Udal Euskaltegia. Hala azpimarratu dute, ikasturtearen aurkezpen agerraldian, Olatz Peon Tolosako alkateak eta Axun Lopetegi Aitzol Udal Euskaltegiko zuzendariak. 2018-2019 ikasturtean euskaltegiak izango duen eskaintzaren berri eman dute, bai, baina tituluez harago jarri nahi izan dute, Aitzolen jardunaren fokua. Horrela, Olatz Peonek azaldu du euskaltegiak bermatzen duela herrian euskaraz bizitzea, "eta Aitzol ezinbestekoa da horretarako".

Joan den ikasturtean 244 ikasle aritu ziren Aitzol Udal Euskaltegian, 15 taldetan; horietatik 92 autoikaskuntzan aritu ziren. Lorpen akademikoei dagokienez, berriz, B2 eta C1 edo EGA mailako azterketetara aurkeztutakoen %75ek lortu zuten titulua, Axun Lopetegik nabarmendu duenez: "B1eko ikasleen %80k eskuratu zuten titulua eta, agiri ofizialak ez izan arren, A1 eta A2 mailetara aurkeztutako denek gainditu zituzten azterketak".

Hastear diren klaseetan izena emateko azken eguna irailaren 21a izango da, eta maila bakoitzean, gutxienez, 8 pertsonako taldea osatzea izango da baldintza bakarra; gero, ikasle horien araberako ordutegiak ezartzeko aukera izango da. Horrela, beraz, A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetan trebatu eta titulatzeko eskaintza izango du Aitzolek.

Askotarikoa baita, Tolosako udal euskaltegiko ikasleen profila: "16 urtetik gorako herritarrentzako zerbitzua da gurea. Migratzaile asko etortzen da gugana, hemen integratzeko euskara ezinbestekotzat dutelako, eta gazteleraz alfabetatutako euskaldun askok ere egiten du matrikula. Azken urteotan, gero eta gehiago dira erretiroa hartu berri duten herritarrak ere: bizitza osoan egiteko zuten zerbait egitera etortzen dira. Era berean, merkatariei ere zuzentzen gatzaizkio, eta Asuncion klinikan ere aritzen gara. Gure ikasle gehienak, dena den, agiri ofizialen bila bertaratzen dira klaseetara, erakunde publikoetan lan egiteko ezinbesteko bilakatu baitira", zehaztu du Axun Lopetegik.

Bide horretan, Aitzol Udal Euskaltegiak C2 mailako azterketa prestatzeko klaseak indartu nahi ditu aurten, iaz ez baitzen posible izan taldea osatzea. Profil horretan, gainera, zenbait aldaketa iragarriko ditu, epe motzean, HABEk: "Orain arte ezinbestekoa zen, C2 mailako ikasle bakoitzak proiektu bat garatzea, eta idatzizko nahiz ahozko azterketak lan horren inguruan osatzea. Orain, antza, proiektuaren baldintza kendu egingo dute, izan ere, urrian aukera libreko ikasleek ere egiten dute azterketa".

Gogora ekartzekoa da, Aitzol Udal Euskaltegiak Tolosako Gorosabel kaleko eraikinetik kanpo ere eskaintzen dituela euskara klaseak: Amarotz auzoan, Amezketan, Asteasun nahiz Larraulen aritu izan dira azken urteotan.

Horientzat guztientzat diru laguntzak eskaintzen dituzte zenbait herrik, "udalek esfortzu handia egiten baitute, herritarrek euskara ikas dezaten". Modu horretan, aurrez aurre klaseak jasotzen dituzten ikasleek matrikularen kostuaren %25 (C2 mailan), %50 (C1 mailan) eta %75 (B2 mailan eta autoikaskuntzan) diru laguntza moduan jasotzeko aukera izango dute, betiere, errendimendu ona izanez gero eta klaseen %85era bertaratuz gero.

Halaber, HABEk ere diru laguntzak eskaintzen dizkie agiri ofizialak eskuratzen dituzten ikasleei.

Belarriprestekin lanean

Hasi berri dena ikasturte berezia izango da udal euskaltegiarentzat. Euskaltegiko klaseez kanpo, Galtzaundiren mintzalagunan parte hartzea gomendatzen diete beti ikasleei eta, aurten, lanketa berezia egingo dute, Euskaraldiagatik.

Axun Lopetegik azaldu du "denon beharra" izango dela erabilera datuak hobetzeko, eta euskaltegiaren lana izango dela Belarriprestak ateratzea: "Euskaldunok Belarriprest asko behar ditugu, euskaraz bizi ahal izateko".

Email Facebook Twitter LinkedIn