Bruno Carrère auzapezak ez du Lapeyrade, Aristizabal, Daguerre, Ospitaletxe eta Matxikote bost hautetsien kargu uztea onartu
Hauteskundeetan hitzemandakoa oroitu eta gutuna berritz igorri diote azpimarratuz: "dimisionatu dugu". Izan ere, Auzapezaren erabakia edozein izanik ere, kargua utzitzat jotzen dute. Hemen beren mezua:
2019ko Maiatzaren 22a | UZTARITZE.INFO
Uztaritzeko auzapez jauna agur,
Uztaritze Bai!ren Hauteskunde Egitasmoan erraten genuen "Uztariztar bakoitzak nahi duen hizkuntzan aritzeko eskubidea bermatuko" genuela, izan frantsesez ala euskaraz.
Apirilean igorri dizugun dimisio gutuna jaso ondoren Prefetari iritzia eskatu diozu behartua izan gabe, gure erabakia kontuan hartzea zure esku baita.
Gainera, gure dimisioei buruz dudak izanez gero, horien berrespena eskatzen ahal zenigun ahoz edo idatziz. Alta ez duzu bide hori hautatu.
Hemen beraz gure lehen dimisio gutunaren berrespena, aldaketa bakarrarekin: eskatua izan den izenen grafia aldaturik.
Gure hautua begirunez hartuko duzulakoan,
Uztaritze, 2019.05.20a,
Gaia: Herri kontseilutik demisio kolektiboa eta 2019ko apirilaren 12ko gutunaren berrespena
Auzapez jauna,
Azken hauteskundeak geroztik Uztaritzeko Herriko Etxeko hautetsi izanik, funtzio horretatik erretiratu nahi dugu.
Agintaldi hasieratik gure arteko desadostasunak baziren ere (baina garai hortan proiektu osagarri eta aberatsa izan zitezkeen pentsamendu anitzat jotzen ahalko zutela pentsatuz), 2018ko irailetik oso bestelako egoera bizitzen ari gara eta hori Uztaritze Bai! taldeko prestakuntza bilkura batean gure taldeko kide baten kanporaketa bozkan ematea erabaki duzunetik beste kide batzuek idatzitako gutun anonimo batean oinarrituz. 2019ko apirilaren 11a huntan iragan zen Herriko kontseiluan aurrekontuen eztabaidaz aprobetxatu genuen zure eta zure taldearen politikari buruzko irakurketa baten plazaratzeko.
Euskaraz soilik adierazi ditugun hitz hartzeak Herriko Kontseiluko aktan ez agertaraztea erabaki duzu, jakinez gure eskaerak eta horretarako proposamenak inoiz ez direla kontuan hartu. Horrekin gure hautets-egitasmoan iragartzen genuena ezeusteaz gain, gure oinarrizko eskubideak urratzen dituzu eta gure hautetsi funtzioa ezin dugu bete.
Ondorioz, apirilaren 12ko gutunaren bitartez Herriko kontseiluko karguaren demisioa aurkeztu genizun, eta momentuan aplika araztea eskatu.
Argikiago uler dezazun: DEMISIONATU DUGU.
Bigarren eskutitz honi harrera ona egingo diozulakoan,
Lore ARISTIZABAL
Tomas DAGUERRE
Arnaud OSPITALETCHE
Jean-Pierre LAPEYRADE
Yves MACHICOTE