10 urte bete ditu Tolosa Kantarik
Hilabeteko azken larunbatetan egin ohi duen moduan, kantujira egin du Tolosa Kantarik. Gaurkoa, ordea, bereziagoa izan da, 10. urteurrena ospatuko baitute.
2018ko Uztailaren 02a | ATARIA.EUS
Hilaren azken larunbata da, bildu gera jende ugari, alaitasuna eman nahirikan, kantu jiran Tolosari. Horrela dio Tolosa Kantariren abestiak. Eta, egiari zor, ez du arrazoi faltarik. Duela 10 urte hasi zuen bere bidea Tolosa Kantarik. Hilabeteko azken larunbatetan jarri izan dute hitzordua, eta hamarkada honetan ez dute hutsik egin.
10. urteurren hori ospatu dute gaurkoan, ohiko moduan: Tolosako kaleak kantuz alaituz. Ospakizunak arratsaldera arte iraun du, Jesuitinetako patioan elkartu baitira bazkaltzeko. Bazkalondoa ere kantuz jantzi dute.
Kanta berak amaieran dioen moduan, euskal giroa nabaritzen da, bihotz ezpain eta begi, aurrerantzean jarrai dezala, tinko Tolosa Kantarik.