C'est notre Tour, independentzia!
Euskadin rokanrolak ez du inoiz dirurik emanen, Inun baina alaigoa izanen da, Ta ezer ez da berdin. Hertzainaken doinu horixe etorri zaigu gogora uztailaren 28an Tourreko etapa oso bat, erlojuaren kontrakoa, Euskal Herrian, Senpere eta Ezpeleta artean, iragango dela jakitean.
2018ko Martxoaren 21a | ARMAND JAUNARENA, GARIKOITZ MUJIKA, ELORRI ARIN, OIER HIRIART, XIMUN DUHOUR, SANDRA POCHULU, OIER OA, PAXKAL ELGART, ROBERTO MURGIONDO
Tourra berriro gurean eta gu herri gisa oraindik praka motzetan, muga ofizialik gabe, gure izatea defendatuko duen gobernu nazionalik gabe. Iaz lau haizetara zabaldu zuten Tourra Dusseldorfen (Alemanian) hasi zela; 2019koa Bruselan (Belgikan) hasiko dela ere garbi asko iragarri dute. Eta aurten? 2018ko Tourra Euskal Herrian bukatuko dela "zabalduko" ote da ala uztailaren 14ko Dreux eta Amiens arteko etapa eta Lapurdiko erlojupekoa berdintsuak izanen dira?
Gasteiztarren kantari tiraka, hemengoak "inun baino alaiagoa" behar luke. Deblauki kendu diote garrantzia batzuek gertatuko denari: kirol froga bat besterik ez da. Akats handia litzateke ordea kirolaz ere politika egiten dela ahanztea. Garaiak aldatu badira ere, inoiz ez du galdu "la grande boucle"-k betiko espiritu hura, frantsestasunaren aldarrikapen ikur distiratsu izatearena.
Gu ere, hortaz, kiroltasunez politika egin beharrean gara. Nola? Munduari hemen bere buruaren jabe izan nahi duen herri bat badela erakusteko giza kate independentista bat antolatuta batetik; eta, lasterketa erabakirik izanen denez, Tourreko euskal ordezkarientzat merezitako sari emate bat prestatuz bestetik etapa amaieran.
Independentzia, gaur eta hemen, ez da slogan hutsal bat. Ez zuen horretarako asmorik berak, baina arrazoia eman digu Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapez eta euskal elkargoko presidente denak. Otsailaren hasieran gutuna bidali zion Frederique Vidal goi mailako hezkuntzarako ministroari unibertsitate mailan Ipar Euskal Herriak duen defizita salatzeko: "6.000 unibertsitari ditugu Akitania Berriko bigarren hirigunean 310.000 biztanlerekin eta Rochellek berriz 12.589, 126.435 biztanlerekin". Datu bat, anekdotikoa ez dena, errealitate askoz zabalago baten erakusle dena: nazioarteko lan banaketa bat dagoen bezala (herrialde aberatsen egitekoak batetik; pobreenak bestetik), zentro-periferia logika hori sustatzen dute Parisko politikek gurean. Zentroak estatuko hirigune nagusiak ditugu (Paris, Marsella, Lyon, Bordele, Tolosa...), eta periferia, besteak beste, gu. Politika hori gordinki islatzen dute gure ehun ekonomikoak, hezkuntza sistemak, erakundetzeak, euskararen ofizialtasunik ezak, lan harreman dinamikek, hedabideetan gure herriak, kulturak, duten tokiak.
Egia da aitortza minimo bat etorri berri zaigula Parisetik. Duela urtebete pasatxotik, badugu Aro Garaikidean lehen aldiz hiru herrialdeak biltzen dituen udal mailako erakunde bat. Lortutakoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina lurralde estatusaren eztabaida pizten jarraitu behar da. Estatu propio baten eraikitzeko nahia erdigunean jarririk, jendartearen gehiengo bat artikulatzearen alde egin behar da, argudioak, eskas ez ditugunak, bitarteko: botere egitura hori behar dugu periferia izateari uzteko, herritarrak ahalduntzeko, gure lurraldeen arteko harreman politika koherente bat gauzatzeko, garapen ekonomiko eta soziala gidatzeko, euskaraz bizi ahal izateko.
Burujabetzaren aldeko indarren erronkez ari dela, ideia interesgarriak plazaratu berri ditu Rafa Diez-ek. Hiru behar aipatu ditu zehazki: Euskal Herria zatitzen duten hiru administrazioen arteko sinkronizazioa batetik; Euskal Herriko eta Kataluniako prozesuen arteko sinkronizazioa bestetik (Kortsikakoa gehituko genuke guk); eta nazioarteko komunitatean eragiteko europar estrategia baten taxutzea azkenik. Agerikoa da une hauetan estaturik gabeko nazioen borrokan une giltzarri batean gaudela Europar mendebalde honetan. Intentsitate oso ezberdinetan bada ere, barne tentsioa goratu egin da gure herria zatitzen duten bi estatuetan. Hori erakusten dute Eskoziak, Kataluniak eta Kortsikak. Hori erakutsi behar du, baita ere, Euskal Herriak. Hots, badela hemen ere independentziaren aldeko herritar multzo bat, gehiengoa izateko, espazio politikoa eta boterea borrokatzeko, grina duena.
Horresegatik sinetsita gaude, euskal lurraldeen arteko zubigintzan jarraitzeko eta gure barne dinamika politikoak sinkronizatzen hasteko, badugula huts egin ezinezko hitzordu bat: uztailaren 28ko erlojuaren kontrakoa, 170 estatu ezberdinetan 78 telebista katek zabalduko duten unea hain zuzen.
Tourreko webgunean hauxe diote aurtengoaz: "100 % Hexagonal... ou presque. Hormis un court passage d'une quinzaine de kilomètres en Espagne lors de la 16e étape Carcassonne - Bagnères-de-Luchon, le 105e Tour de France ne sortira pas des frontières de l'Hexagone". Gure esku dago hori gezurtatzea. Martxoaren 21ean Kanboko Gaztetxean, arratsaldeko 7etan, has gaitezen giza kate horren neurria, forma, zirriborratzen. Artikulu honen goiburuak dioen bezala, c'est notre Tour, gure txanda da. Ez ahal gara bakarrak izanen...