Abenduko Biltzarraren aktaren onespena
Otsaileko biltzar honen lehen puntua Abenduko biltzarraren aktaren onestea zen. Hizkuntzaren gaiak eztabaida piztu du berritz. Auzapezari aldi bereko itzulpena plantan jartzea eskatua izan zaio. Bozkatzeko unean Ustaritz Avec Bon Sens, Aimer Ustaritz eta Unis-à-Gauche zerrendek kontra bozkatu dute.
2018ko Otsailaren 01a | UZTARITZE.INFO
Eztabaidaren audioa entzungai duzu.
Jakin auzapezak 9 kontrako bozka kontatzen dituen arren, 7 zirela. Zuzenketa ondoko puntua bozkatzerakoan egin zen.
Carrere jauna: igorria izan zaitzuen 2017ko abenduaren 7ko aktan aldaketa bat bada.
Saint-Jean jauna: Honek ez ditu herriko kontseiluko eztabaidak islatzen, ez gira hautetsi batek azaltzen duen jarreraren aurka, frantseses eta euskaraz errana balin bada. Herriko kontseiluko barne araudia kontutan hartzen dut hemen. Ez naiz buruz-burukako logika batean. Kargualdi honen hasieratik izan den giro onak segi dezan desiratzen dut elkarren errespetuan baina denen hitz hartzeak ulertu behar ditugu. Akta honi buruzko bozketan ez dugu parte hartuko.
Urrutia jauna: Guk ere ez dugu bozka honetan parte hartuko.
Cendres jauna: Itzulpena aktan agertzea pozten nau. Edozein herriko biltzar eztabaida toki bat izanez, hautetsi guziek hizkuntza ulertu dezaten beharrezkoa da. Frantsesa izanez denek ulertzen duten hizkuntza bakarra, erranaldi guziak itzuliak izan ditezen biltzarrean eta aktan eskatzen dut.
Urrutia jauna: Ez nintzan trabatua, ulertzen nuelako baina frantsesez itzuli behar da.
Machicote jauna: Testu baten irakurketa
Abenduaren 7ko biltzarrean euskara hutsez mintzatzeagatik sortu den egoera bereziaren haritik dator deklarazio hau.
Aktan, azkenean, hitzartzeak kasik behar den bezala ekarriak izan badira ere, hizkuntzaren arazoak dirau eta konponbidea behar du.
Gauzak beren lekuan jartzeko:
Agintaldi hasieratik biltzar honetan egin diren euskarazko hitzartze gehin-gehienak, euskaraz mintzatzen den hautetsi berak frantsesera itzuliak izan dira.
Jakin behar duzue ez girela itzultzaile profesionalak eta muntatu nahi duzuen istorio honekin itzulpen lan horrek suposatzen duen kargaren kontsiderazio minimorik ez duzuela frogatzen du.
Euskararen alde zarete omen, baina euskara lore pote baten antzera geratzen den bitartean, hots baldin bada ongi, eta ez bada gaitz erdi, frantsesa baita hemen balioa duen hizkuntza bakarra.
Ustaritz Avec Bon Sens, Saint-Jean jauna buru duen zerrendak polemika piztu nahi izan du, baita lortu ere, baina zertaz eta nortaz ari den zehazki jakin gabe.
Ustaritz Avec Bon Sens zerrendak euskararen defentsa nola egin behar den erakutsi nahi digu euskaldunok frankofonoak diskriminatzen ditugula adieraziz…
Ez dakizue zer den diskriminazioa. Ez da behintzat gehiengoan eta estatuaren legea babes duen komunitate baten kasua izaten ahal…
eta, hizkuntza politika batzordeetan parte hartuko bazenuten ikusiko zenuten, herriko gobernua euskarari atxikia bada, euskaltzale ez dela. Hots, hemen euskarak ez du deus ez inor boteretsu osoki bere alde.
Funtsean ez da lehen aldia Ustaritz avec Bon Sens-ek aldarrikatzen duenaren kontrako praktika bideratzen duela.
Azaroan (bilkura hartan frantses hutsez mintzatu nintzaizuela oroitaraziz bide batez) Adierazpen Askatasunaren eskubidea aldarrikatu zenuten auzapezari nire iritzia plazaratzea onartezina zela erranez. Hori eta zeren kari? frantses hizkuntzaren ikuspegitik zuzenketa ekartzen nizuelarik, erakutsiz erabilitako adjektiboa desegokia izateaz gain, adierazi nahi zenutenerako zentzurik ez zuela. (Larousse hiztegiaren definizioaren arabera behintzat). Hori ote da aipatzen duzuen "Bata eta bestearen analisia eta iritzien begirunea"?
Joan den Abenduko biltzar hartan, nire hitzartzea bigarren hizkuntza batean nihaurrek itzultzea inposatu nahi izan didazue, erdera hutsez ari eta euskara ikasten ez duzuenean. Eta hori eskatzea politeziagatik, euskaraz mintzatzea politezia eskasa balitz bezala. Errespetuaren definizioa ere begiratu beharko dugu hortaz.
Baina larriena ondoren jin zaigu, herritarrei zabaldutako artikuluarekin, euskara erabiltzea norbera bere baitara ixtearekin konparatzen baituzue, gu elebidunok aniztasunaren etsai bagina bezala…
Baina nork du bere elebakartasuna inposatzen? nork du munduko aniztasunari kalte egiten? Oroitarazi behar ote dugu 4.000 urtez bizirik eta garatu den hizkuntza, defendatzen duzuen Errepublika frantsesak azken mende motz bakarrean belauniko eta desagertze bidean jarri duela, umiliazioz, mespretxuz eta bazterketaz, hots diskriminazioz?
Banaiz herri honetako errepublikako eskola publikoan ibilitakoa, baita giro basko-frantsesean hezia ere, hau da, euskaldun lotsatuena, beren hizkuntza baztertzea eta frantziaren omenezko handitasunagatik "euskal" zen gauza oro gaizki ikustea ongi barneratu zutenena. Paraleloki Uztaritzeko musika elkarte jakobinoan pasa ditut 10 urte, 8 urtetatik 18 urtetara, marseillesa joz eta guzti, baita entzunez Bilgune beste puntan ziren "euskal munduko" "baskoi"-ekiko mespretxuak.
Eta alta, heldutasunarekin mundu baztertzaile honi bizkarra eman eta euskara ikastea erabaki nuen, beste mundu batean sinisten baitut oraindik, hau ere ortzadarraren koloreetakoa, nun euskara beste hizkuntzen ondoan ere bizi eta garatzen ahalko den.
Eta hiru urtez ikasi dut, ohikoa den bezala motibazioa dutenentzat, ez bainaiz bakarra bide hori urratu izana.
Abantaila dut beraz, zuen mundu baztertzailea ezagutzen baitut, baita nire egin dudan mundu zabala.
Ez naiz inor baino gehiago, ez dut super botererik ez eta ohiz kanpoko balizko genetikarik.
Bide hori zuetako edozeinek har dezake. Baina, hautuz eta erabakiz, ez duzue hartzen.
Mugapena, bazterketa, zuek diozue zuen buruari inposatzen.
Eta argigarria da duzuen sorleku, belaunaldi froga, arraza aipamen guztien ikuspegia, horiek denak euskara erabiltzeagatik ateratzen dituzuenean. Uztaritzen sortu, hazi, hezi, bizi naiz, eta bertan lan egiten dut, zuendako "pedigrea" izanen dut, baina kanpotik jiten ahal nintzen berdin-berdin, euskara ikasi eta berau defendatzera urratsa egin duten kanpotik jindakoak pedigredun anitz baino irekiagoak izaten badirelako ere.
Eta giro honetan gure auzapeza inozenteki oposizioaren zirikatze politikoaren zepoan erori ote da? eztakit… baina zure adierazpena hor da:
"Le français étant la langue partagée par tous, les prises de parole doivent donc bien entendu se faire en français, soit exclusivement, soit euskara et français" (frantses hutsez zabaldua).
Jaun auzapeza, besteon koherentziaz kezkatu baino 2014ko hauteskundeetan aurkezturiko egitasmoarekiko eta joan den uztaileko herriko aldizkarian birgogoratutako nazioarteko itunekiko koherentzia zaindu beharko zenuke. Ez ezazu gure hitza jan. Euskaldunon hizkuntza eskubideen errespetua bermatzea eskatzen dizut.
Eta honi ekintzez erantzutea animatu nahi zaitut aldi bereko itzulpenaren sistema plantan jarriz, euskara ulertzen ez duzuenentzat.
ADAP ardatzarekin bezala, "elebarritasunean" diren elebakarrei bide egokitua eskaini, eledun guztioi aukera berdinak izan ditzagun.
Horretaz gain, euskarari bultzada are handiagoa litzateke, biltzar honetan euskaldunei euskaraz mintzatzeko bidea erraztuko liekeelako. Euskarari auspo ederra.
Gainera, aurrekontua eskaturik, urtean 1.500 euro besterik ez litzaiguke kostako (eskualdeko profesional batek emaniko prezioa da), euskaraz errandakoak soilik frantsesera itzultzeko zerbitzua bermatzeko.
Hots, herriko langileen karga 2.677.154 € dela kontuan hartzen bagenu, itzulpen gastu honek %0,05 litzateke, funtzionamenduaren aurrekontuko %0,03 baino gutxiago; huskeria bat herriko etxe honentzat.
Herri honek pairatzen duen hizkuntza gatazka agerian utzi da beste behin ere. Salbuespen egoera baten adierazlea eta Bakera iristeko konpondu beharreko gaia bada.
Beraz eskerrak adierazi nahi dizkiot Ustaritz Avec Bon Sens eta Jean-Claude Saint-Jean-i, zentzu horretan proposaturiko itzulpen urratsa gogotik bultzatu izanagatik, asmoa kontrakoa bazen ere…
Saint-Jean jauna: Aintzinatu zira azken alditik zeren zure erranak euskaraz itzuli baitituzu. Laboraria naiz eta laborari semea eta ttipitan euskaraz hitz egiten nuen. Eskolan, usain txarra genuela erraiten zaukuten. Azkatasuna maite dut, euskal kultura maite dut, zu baino zaharragoa naiz eta zuk nauzu kalapitan hartzera behartu eta nahi dut lasaitasunera itzul gaiten.
Machicote jauna: Zure azaroko hitz hartzeak erakusten zuen jadanik zure ikusteko manera.
Saint-Jean jauna: Euskaraz eta frantsesez egin hitz hartzeen alde naiz.
Machicote jauna: Guhaurek frantsesera itzultzearen aurka naiz eta beti euskaldunei da horren egitea. Ez naiz itzultzearen kontra, baina horrela da hizkuntza baten debaldetasuna sortzen eta ondotik desagertzen.
Aristizabal anderea: Testu baten irakurketa
Noiztenka gai batzuen tratatzeko, behar den mintzatzeko denbora ematen da, gaur arratsean nik ere astia hartuko dut ene gogoeten zueri jakinarazteko.
Ohartuko zirezte frantsezez mintzatzen naizela, ez zuen oharrengatik edo artikuluengatik, baina segur izan nahi baitut denetarik ongi ulertua izanen naizela eta iduriz hortik pasatu behar baita.
"Euskal Herrian Euskaraz Nahi Dugu Hitz Eta Jolas Lan Eta Bizi Euskaraz Eta Hortara Goaz, Bada Garaia Noizbait Dezagun Guda Hori Gal Edo Irabaz. Zabal Bideak Eta Aireak Gure Hizkuntzak Har Dezan Arnas, Bada Garaia Noizbait Dezagun Guda Hori Gal Edo Irabaz.
Hitz horiek ezagutzen dituzue behar bada... kantatzen ere dituzue bazkari alaitsuetan... eta bai Euskal Herrian Euskaraz kantuaren hitzak dira.
Hitz hauek daukaten ondorioetaz eta sentsuaz gogoetatu zirezte noizbait?
Ez dut uste, azken Herriko Kontseikuan erran den arabera eta ondotik izan diren e-mailen arabera, ez ditudanak hemen aipatuko hain dira penegingarriak, errespetugabekoak eta mespretxagarriak.
Nahigabe handia izan da neretzat, ohartzea, euskararen gaia nola ikusia zen oraino gaur egun, eta sortzen dituen erreaktzioak. Adibide ttipi bat: Alderantziz, If-en hitzartzearen ondotik ene hitzartzeaz zuen artikuluan idazten duzunaren ez bezala, ez ditut itzulpen horiek "naturalki" egiten: ohartu behar zirezte euskaraz mintzatzeko eskubidea beti zangopilatua dela, eta borrokatu ondoan eskubide hori emana zaikularik, hala ere itzuli behar dugu ahozkoan eta idatzizkoan; Beraz ez da erraiten duzun bezala "naturala": anitz denbora hartzen du, eguneroko indar bat da, eta sentsu batean baizik egina ez den indarra. Aipatzen duzu "sorterria", "biotzean duzun Euskal Herria", zergatik ez duzu euskara ikasten? Euskararen errespetua aipu delarik zergatik defentsan jartzen zirezte? Zertaz beldur zirezte?
Euskarazko hizkuntza hutsean egin den lehen hitz hartzeaz asaldatu orde eta publikoki salatzeko orde, diskriminaziozko izaera aipatuz, zuen baitan galdera hauek egin behar zenituzten.
- Zergatik bere hitz hartzeak orain arte itzuli dituen hautetsi batek aldi honetan euskara hutsean egin du?
- Adierazpen eskubideak parekoak ote dira? Jakinik frantsez hutsean eginak diren hitz hartze guziak euskaraz itzuliak direla, nolaz euskara hutsean egina izan den hitz hartze bat ez da frantsesera itzulia izanen?
- Aniztasuneko nortasuna, kulturala eta hizkuntzarena bere gizarte mailan errespetatua ote da?
Hitz hartze hori ez duzulakotz ulertu, gaizki senditu zirela erraiten duzularik, alderantziz nola uste duzu bizi dugula egoera bera nun ezin dugun "naturalki" euskaraz mintzatu zeren sistematikoki dena itzuli bahar baitugu? Badakizu zer egiten duen Euskaraz hitza hartzea eta jende gutik zuri so egitea zeren itzulpenaren beha baitaude? Badakizu zergatik talde batean batek ez badu euskara egiten haren gatik beste guziek frantsesez mintzatu behar duten, bestela estremista batzuendako hartzen gaituzte?
Euskara hutsean egin den hitz hartze horretaz eta ondotik izan diren eztabaiden ondotik, galdera bakar bat pausatua izan behar zukeen: nola egin dezakegu, guzien eskubide linguistikoen errespetatzeko? Zer egin behar litaike bakoitzaren itxaropen eta sinesteei ihardesteko?
Elkarri trabak sortzeko orde, denon gogoetan "naturalki" agertu behar zen erantzun bakarretatik bat izan beharko zukeen: herriko biltzarren bat-bateko itzulpena.
Batzuk erranen dautate "baina badaude aitzinamenduak: dokumentu guziak bi hizkuntzetan itzuliak dira, euskaraz mintzatzeko eskubidea emana da nun itzulpena egina den, langileen eta hautetsien formakuntza-planak plantan emanak dira, euskararen sagardi bat landatuko dugu Etxepare lizeo berriaren irekitzea sustengatzeko". Egia lehen baino hobeki dela baina ez da aski, ikusirik gure Herriak bizi duen egoera linguistikoa eta demografiaren aldetikako egoera: azken inkestek, euskararen ikasleen eta praktikatzen dutenen kopurua emendatuz doala erakusten dute (hori gauza ona da) baina emendatze hori ez da azken zenbakietan agertzen zeren frantses hiztun populazioaren emendatzeak itoa baitu.
Hautetsi gisa gure egin beharra da euskararen bultzatzea eta normalizatzea gure herrian, neuri guziak zerrendatuz apailatu genuen hizkuntza politikarako planeko ardatz nagusia. Misio handi hori ez da eskualdun bakoitzaren konzientziari eta ardurari utzi behar. Etsenplu konkretu bat heldu zaiku parekidetzan giren Tolosa herritik, zeinek hogeita hamar urtez, herriak elkarteen partaidetzarekin batera plantan eman ekintzei esker euskararen praktika ainitz emendatu den, %80ekoak mintzatuz. Baina ez da zango bat bestearen gainean egon behar zeren azken bilanak erakustera ematen du berriz ere euskararen praktikatzaileen kopurua apaldu dela eta laster berriro sozio-linguistiko ekintza plan bat abiatu da sentsibilizazio dinamika baten bultzatzeko Tolosako biztanleetan bai eta erakundeetan, saltegietan, etab.
Hautetsi gisa, bideak ireki eta zabaldu behar ditugu gogoa dutenek izan dezaten euskaraz mintzatzeko, jostatzeko, lanean aritzeko eta bizitzeko ahala. Hor da jokoan dena, euskara hizkuntza bat bezala begietsi behar dena eta bere erabilpena normalizatu, uztariztar bakoitza libro utziz, nahi duen hizkuntzan mintzatzera eta hautu hori errespetatuz!
Hitz hartzea hau bukatuko dut hasi dutan bezala, EHEren kantuko azken koplaren itzulpenarekin:
Euskal Herri Euskalduna Irabazteko Eguna Pazientzia Erre Aurretik Behar Duguna, Ez Al Dakizu Euskara Dela Euskaldun Egiten Gaituena? Zer Euskal Herri Litzake Bere Hizkuntza Ere Galtzen Duena Ez Al Dakizu Euskara Dela Euskaldun Egiten Gaituena?
2017KO ABENDUAREN 7KO HERRIKO KONTSEILUKO AKTAREN ONARPENA.
BOZKAK
- ALDE: 22
- KONTRA: 7 (Saint-Jean, Dumon, Durand-Ruedas, Pocorena, Vinet, Urrutia, Cendres)
- ABSTENTZIOAK: 0