uztaritze.info

Herriko berriak

Herriko bost hautetsiek kargua uzten dute

Herriko bost hautetsiek kargua uzten dute

2019ko apirilaren 11ko Herriko Biltzarraren kari aurrekontuen gaia baliatu dute Carrère-en taldeak daraman politikari buruz haien irakurketa orokorra plazaratzeko. Bost hautetsiok zati bat irakurri dute eta ez dute ahozko itzulpena beren gain hartu nahi izan "aspaldiko eskaera eta proposamen teknikoa ez baitira kontuan hartuak izan", baita beren agiri bukaeran azaltzen dituzten arrazoiengatik ere.

2019ko Apirilaren 12a | UZTARITZE.INFO

(irakurketa hasiera)

Aurkeztuak diren aurrekontuei buruzko lehen hameka puntuak ez ditugu babestuko.

Ez dugu Metodoarekin bat egiten: hasieratik Uztaritze Bai ! taldean ginelarik kontuak lantzeko eta aurkezteko beste manera bat eskatzen genuen, hainbat arrazoiengatik:

  • kontulari ikuspegi batetik baino ikuspegi politikoago batetik hartuz irakurgarriagoak eta ulergarriagoak izateko, ekonomia arloan aditu maila behar izan gabe
  • egitasmo politikoaren argazkia ukaiteko: arloka dirua nora eta nola banatua den, diru kopuruak eta lotu proiektuak zein diren argi erakutsiz. Urteko asmoen neurria izateaz gain herriko etxearen orientazio eta hautu politikoak neurtzeko aukera emanen liguke bai hautetsioi baita herritarrei ere. Eskasian kausitzen dugun gardentasuna lagunduko luke horrek, baita herritarren inplikatzeko aukera ere.

Talde berdineko kideak ginenean plangintzak eskatzen genituen eta bereizturik geratu garenen esku zeuden arloetaz aparte ez dugu sekulan fundamentuzko apustu planifikaziorik ikusi.

Horrela ezinezkoa zaigu ulertzea egiten dituzuen lehentasun hautuak, ez politikoki ez eta ekonomikoki ere.

Gure ustez kudeaketa jarreran zaudete hastapenetik eta herrian diren beharrak aurreikusi baino, urgentziazko egoerei erantzuten saiatzen zarete eta maileguaren ttipitzea duzue helburu nagusi.

Aurrekontu honetan ikusten ditugun zuen inbertsio lehentasunekin zalantzak ditugu: zergatik bide bat berritzea lehenesten den beste bat baino adibidez, edota funtzionamenduan elkarteei banatzen dituzuen diru-laguntzei buruzko irizpideen inguruan.

Ildo horretan segituz, eta igorritako dokumentuak xehekiago behatuz zenbaki batzuek arreta erakarri digute:

  • funtzionamenduari doakionez: ez dugu ulertzen zergatik batzuk joan den urtean egin den gastua ikusirik anitz emendatzen diren, adibidez "azterketak eta ikerketak" 12.000€ jakinez joan den urtean 1.000€ aurreikusia izan zela eta ez dela deus erabilia izan: zer da proiektua?
  • askotan joan den urteko aurreikuspenen eta benetan 2018 urtean erabilia izan den diruaren arteko tartea handia izaten da. Gure iritziz, horrek, bideratu nahi izan den proiektua ez dela argiki ebaluatua edo bururatua izan, agerian uzten du.

Behin eta berriz entzun izan dugu Uztaritze herriak ez duela dirurik, gure herria pobrea dela, ezin dela hau egin eta hura aurreikusi… baina aurretik errana izan den bezala, kudeaketa hutsean ikusten zaituztegu, eta zuen egitasmoan Herriak diru iturri berririk izateko zantzurik, diru sartze propioen ukaiteko proposamenik ez dugu sumatzen.

Egoera ekonomikoa aldatzeko planteamendurik ez duzue proposatzen, herriak bere diru sartzeen ukaiteko aukerarik ez duzue aurre-ikusten, ez bada gero eta guttiago diren herriko lurrak saltzea eta zergak emendatzea.

Eta horrekin batera, karguak txikitzeko helburua hartuz zerbitzu publikoa murriztea eta besteen esku uztearen politika daramazue, herriko etxearen eskumenak ahulduz.

Uztaritze Bai! Taldearekin herritar guztien hizkuntza eskubideak kontuan hartuko genituela errana genuen, nazioarteko itunetan oinarrituz: “herritar guztiak eskubide berdinekin sortzen direla” eta abar. Euskara kinka larritik ateratzeko bide horretan aukera ederrak izan ditugu agintaldi honetan zehar eta jadanik salatu izan ditugu zuen jarrerak. Baina 2019ko aurrekontuaz ari garela, berriz ere duda berdinak ditugu: murgiltze ereduan den lanbide eta orokor heziketarako lizeo bakarrarentzat 5.000 euro eman beharrean, diru guttiago eta zatika ematea erabaki zenuten: 1.500 €-ko lehen parte bat 2018an eta beste bat 2019an… hizkuntza politika batzordean ez dugu horri buruzko ezer entzun eta gure galdera: kontuan hartua izan ote duzue?

Eta gauza bera aldi bereko itzulpenarentzat: 1.500€ko aurrekontu bat pasarazi genizuen gure hautets-egitasmoan erraten genuena bermatu ahal izateko, hau da: “uztariztar bakoitzak nahi duen hizkuntza libreki hautatzen ahalko du, izan frantsesa ala euskara”. 6.000.000€-ko funtzionamendu aurrekontu horretan soilik %0,025-eko kostua lukeena kontuan hartu ote duzue? Azken biltzarretako jarrerak ikusita sorpresa ona litzateke...

Beraz erran bezala, ez ditugu gai horri buruzko puntuak babestuko.

(irakurketa amaitua)

Horren ondotik auzapezak argi utzi du euskara hutsez errandakoak ez zirela Biltzarraren Aktan agertuko.

Carrère auzapeza eta bere taldearentzat gure hizkuntzan, euskaraz, aritzeak inolako balorerik ez duelako eta hauteskundeen kari aurkeztu genuen programaren eta gure oinarrizko eskubideen kontra doalako, bost hautetsiok Biltzarretik atera gira.

Bide beretik, agiri hau baliatzen dugu egoera antidemokratiko hau salatzeko gure hautetsi kargua uzten dugula jakinarazteko.

Hautetsi abertzaleak (agiriaren irakurketa ordenean): Lore Aristizabal, Yves Matxikote, Tomas Daguerre, Arño Ospitaletxe, Jean-Pierre Lapeyrade.

Uztaritzen, 2019ko apirilaren 12a

Email Facebook Google Twitter LinkedIn

Herriko berriak Hirigintza

Zentsuraturiko hautetsiaren iritzia Hirigintza planari buruz

Zentsuraturiko hautetsiaren iritzia Hirigintza planari buruz

2019ko Urtarrilaren 08a | UZTARITZE.INFO

Yves Matxikote hautetsiak joan den iraileko biltzarrean Hirigintza Planari buruz emandako iritzia Aktatik zentsuratua izan zen. Bruno Carrère auzapezak ez zuen hitz-hartzea txertatu nahi izan euskaraz egina izan zelako eta hautetsiak berak frantsesera eta ahoz itzultzea ukatu zuelako. Ondorioz zerrendatik kanporatua izan da. Hemen dituzue hitz hartze horren ardatzak.

IRAKURRI