uztaritze.info

Herriko berriak Hizkuntza

Uda Lekuk bilgune berri bat irekiko du Uztaritzen

Uda Leku
Uda Leku

UDA LEKU elkarteak euskara herri heziketako jardunen bidez eta ostatatze gabeko aisialdi harrera baten kudeaketaren bitartez sustatzeko xedea du. Yves Matxikote hautetsiak gaitzetsi du lehen aldikotz elkarte honi alokairu bat ordainaraztea; ez baita beste inun gertatzen.

2017ko Martxoaren 02a | UZTARITZE.INFO

Egungo euskara biziaraztea, munduari zabalik, xede hori du UDA LEKU elkarteak, haurrei eskolaldi inguruko eta eskolaz kanpoko aldietan euskaraz aritzeko bidea irekiz.

UDA LEKU elkarteak aisialdi harrera baten kudeaketa eta animazioa egin nahi luke Uztaritzen.

Haur eta Gazte Kontratuaren barnean, FLK-CAFaren zerbitzu bakarrean sar daitezkeen zerbitzuak ematen ditu.

Hartara, Herriak haurren, gazteen eta euskararen aldeko bere udal politikan partaidetzat du UDA LEKU, eta jardun dezan behar dituen tresnak eman nahi dizkio.

Eskaintza honek herriaren aisialdi zentroaren eskaintza osatuko du; zerbitzua HERAURITZeko eskolaren zati batean kokatuko da, 2017ko udaberriko oporralditik harat.

Partaidetza hitzarmena proposatu da, zehazt ditzan zein laguntza emanen dien, hala materialetan nola dirutan, Herriak elkarteari, jardun dezan, herriarentzako intereseko jarduna baita, aisialdi harreraren alorrean, Lurralde Kolektibitateen Kode Nagusiaren L.2121-29 artikuluari jarraikiz.

Hitzarmen horren bidez, UDA LEKU elkartea bere xedea betetzeko jarduerak egitera lotzen da, bere ekimenez eta ardura osoz, eta horretarako behar diren baliabide guztiak baliatzera eta dituen xedeak xerkatzera:

  • Adin txikikoei kalitatezko harrera ematea, Adin Txikikoen Taldekako Harrerari buruzko lege nola arau oro betez, bai eta higiene eta segurtasunari dagozkionak ere;
  • Hartuko dituzten haur eta gazte ororen gizarteratzea laguntzea, autonomia lor dezaten bultzatzea eta nortasuna osa dezaten bideratzea;
  • Heziketa laguntzan, guraso eta haurren arteko lotura indartu eta bultzatzea;
  • Euskararen erabilera bultzatzea, ohiko ikaslekuen (eskola-senideak) osagarri;

UDA LEKU elkarteak 3-16 urte arteko haur eta gazteak hartzen ditu, Euskal Elkargoko herrietan.

Jarduera guztiak euskaraz dira.

Bestalde, Herauritzeko eskolaren zuzendaria urraspide honetara lotu da; UDA LEKU taldearen kideekin bildu da, lokalak bisita ditzaten, eta ikasleen gurasoen ordezkariei horren berri eman die 2017ko otsailaren 14ko eskola biltzarraren barnean.

Urrutia jauna: Bi bozketa ezberdin baditugu, Jean-Paul Vinet abstenituko da eta ni alde naiz.

Vinet jauna: Printzipioan ados naiz baina eskola ttipia da. Tokia ez da egokia gazteentzat.

Orhategaray-Sonnet anderea: Ez dira gazteak baina haur gazteak.

Vinet jauna: Ez zait egokia beste jarduera baten ematea eskola horretan.

Gallois anderea: Gazteria eta kiroletaz arduratzen diren zerbitzuek eta PMIak emanen dituzte behar diren baimenak.

Orhategaray-Sonnet anderea: Proiektu honek 3 eta 8 urte artekoak hunkitzen ditu.

Carrere jauna: Oroitarazten dut eskolaz kanpoko baliatzeak aitzin ikusiak direla hiru eskola publikoetan. Uztaritzen, astialdi zentroak baliatzen ditu, Arruntzako korralea eta pilota plaza Arrunztarrek baliatzen dituzte eta Heraitzeri dagokionez denentzat egokia da. Kontsultatua izan den eskolak onartu du baliatze berri hori.

Urrutia jauna: Nork eginen du aldaketa?

Carrere jauna: Haiek arduratzen dira.

Semerena anderea: 18€ egunean ordainduko dituela Uda Lekuk herriari jakinarazten dut.

Carrere jauna: Hala da, horrek ura eta elektrika kontsumitzeak estaliko ditu. Aldiz ez da herriko langileriaren engaiamendurik izanen ondoko lanen egiteko.

Vinet jauna: Gure zerbitzuek usaian bakantza denboran egiten dituzten lanak noiz egiten ahalko dituzte.

Gallois anderea: Hori antolatua da. Okupatuak izanen diren gelak dira: ama eskola, jantokia, Etxetoko gela.

Orhategaray-Sonnet anderea: Denak bildu ditugu Uda Lekurekin batean. Garbiketa egiten duten langileak egoeraz jankinean dira.

Semerena anderea: Hogeita hamar bat haur ukanen dutela pentsatzen dute.

Machicote jauna: Uda Leku elkartea zoriondu nahi dut, Baiona, Biarritz eta Hendaiaz gain beste bilgune baten irekitzeko asmoagatik, eta eskertu Uztaritzen kokatzeko hautua egin izanagatik.
Hala ere, joan den martxotik (2016) hona landu dugun gai honi buruz herriko gobernu-kide batzuen aldetik ikusi diren jarrera ezkorrek, murgiltze eredua bera zalantzan jartzeraino, kezkak sortzen dizkit, gure hautes-egitasmoarekin kontrajarriak dira erabat.
Horien eraginez behar ba, Baiona, Biarritz eta Hendaia ez bezala, Uztaritze, Uda Lekuri herriko egoitza bat erabiltzeagatik dirua eskatuko dion lehen herria da: 1.300 euro inguru urtero.
Are gehiago, iaz adibidez, Uda Lekuri herriko haurren parte hartzeagatik 2.500 euroko diru laguntza eman genion. Alokairu honen ondorioz herriaren diru laguntza apalduko da eta, diruzaintza ikuspegitik kalkulu ona iduri duen arren, Funtzionamendu aurrekontuaren %0,3an soilik den Hizkuntza Politikaren aurrekontua apaltzen du berriz ere. Abertzaletzat hartzen den herri baten aldetik koloreak ateratzeko moduko jarrerak dira...

Carrere jauna: Eztabaida bat izan da, gidaritza batzorde bat ukan dugu Uda Leku, CAF eta inguruko herri batzuekilan. Uda Lekuk behin baino gehiagotan eskertu gaitu. Pentsatu dugu ez zela justifikatua herriko finantzek beren gain har zezaten kanpoko funtzionamendu bat. Kanbo eta Hazparnek ez dute segidarik eman antzezko ekimen bati eta ez dute dirulaguntzarik ematen.

Zufiaurre anderea: (Vinet-ri buruz) Uda Lekuren instalatze hori Heraitzeko eskolatik kanpo egin bazen zure baimena emanen zenion?

Vinet jauna: Dudarik gabe, nere semea Heraitzeko eskolan ibilia da, jantokia solairuan da eta zaila da. Usu haurrak erortzen dira eta ardura ixtripuak izaten dira.

Carrere jauna: Beti konplikatua da toki batean bi erabiltzaile dielarik.

Herri Biltzarrak aho batez,

- BAIMENA EMAN DU partaidetza hitzarmena sina dadin UDA LEKU elkartearekin;

- ZEHAZTU DU horretarako behar diren diruak aurtengo ekitaldiaren aurrekontuan aurreikusiak direla.

Email Facebook Twitter LinkedIn

Herriko berriak Hizkuntza

Abenduko Biltzarraren aktaren onespena

Abenduko Biltzarraren aktaren onespena

2018ko Otsailaren 01a | UZTARITZE.INFO

Otsaileko biltzar honen lehen puntua Abenduko biltzarraren aktaren onestea zen. Hizkuntzaren gaiak eztabaida piztu du berritz. Auzapezari aldi bereko itzulpena plantan jartzea eskatua izan zaio. Bozkatzeko unean Ustaritz Avec Bon Sens, Aimer Ustaritz eta Unis-à-Gauche zerrendek kontra bozkatu dute.

IRAKURRI